NOR GARA

Ez, ez gara euskaraz bizi diren establezimenduen mapa osatzeko asmotan jaio den lehen egitasmoa. Ez dugu euskararen egoera hobetzeko soluzio magikorik. Ez gara informatikan ezta euskaran adituak. Ez dugu ziurtagiririk banatzen. Eta ez dugu euskaraz bizi diren establezimenduen mapa osatzeko lantalde handirik. Edo agian bai.

Gure asmoa zera da: elkarlanean sortutako mapa librea osatzea. Hau da, mapa osatzeko datu basea deskargatu, kopiatu, elkarbanatu eta berarekin, eratorritako lanak egiteko aukera izatea, beti ere Creative Commons lizentziapean. Lizentzia horrek, etorkizunean, bestelako proiektuak aurrera eramateko aukerak biderkatzen dituela uste dugu. Agian gure porrotetik, gauza eder bat lor daiteke.

Egia esan, orain dela gutxirarte ez genuen horrelako mapen beharrik ikusten. Errealitate linguistikoa aldatu zaigun momenturarte. Orduan bai komeriak euskaraz bizi ahal izateko. Orduan bai, mapa, brujula eta bestelako tresnen beharra.

Euskaraz bizitzeko, bakoitzak duen establezimenduen sare pertsonala, kolektibora zabaldu nahi dugu; hau da, elkarlanean egindako mapa bat sortu.

Baldintza bakarra izan dugu mapa osatzerakoan: bertan jasotako informazio guztia erabiltzeko gaitasuna izango duela nahi duen orok, beti ere CC-Onarpena-BerdinPartekatua lizentziapean.

Bide batez, nahi duenak eskuragarri ditu orain arteko datu basea eta mapa esteka HONETAN.

Eskertzekoa da Karrikiri Iruñeako euskaldunon topaguneak eta amahizkuntzagasteiz blogak egindako lana; mapa osatzeko lana erraztu digute.

Aipatu beharra dago, mapa aurrera eramateko Bai Euskarari ziurtagiridunen zerrenda eta Donostiako Udalak martxan jarri duen kanpainaren datuak ere erabili direla. Azken berritasun modura, UEMAri esker euren datu-baseko 300 profesional euskaldun baino gehiago gehitu ditugu mapan.

Elkarte horiez gain, norbanakoek bidalitako establezimenduak ere jasotzen hasi gara eta datu basera gehitu ditugu. 2600 establezimendutik gora ditugu eta oraindik milaka eta milaka dira falta direnak.

Mapa osatzeko, pentsatu dugu, udal batzuk ezarritako baldintza, egokia dela: euskaraz ondo hitz egiteko gaitasuna izatea establezimendu horietan bezeroei arreta eskaintzen ari diren langileen erdiek edo gehiagok.

Eta ez, ez dugu ziurtatzen gure datu basean agertzen diren establezimendu guztiek baldintza hori betetzen dutenik. Sentitzen dugu. Praktikotasunaren eta kaosaren apologia egiten dugu.

Bestetik, mintzalagun eta berbalagun taldeen mapa ere osatu dugu. Hori egiteko mintzalaguna.eus eta praktikatu.blogspot.com webguneetako datuak erabili ditugu.